XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lehenengo ikastaroa euskadiko aleman-irakasleen prestakuntzarako

Donostiako Tandem kulturarteko elkarteak eta Madrilgo Institutu Alemanak antolatuta, Lehenengo ikastaroa, Euskadiko aleman-irakasleen prestakuntzarako burutu zen Donostian Martxoaren 27 eta 28an.

Ikastaroan emandako gaiak irakasleen artean egindako inkesta baten bitartez aukeratu ziren, irakasleek azaldu zituzten lehentasunak kontutan harturik.

Irakasleak Antje Bolten eta Jûrgen Wolff izan ziren.

Ostiral goizean Jûrgen Wolff-ek, Maite lernt Deutsch metodoa erabiliz, benetako ikasleekin klase bat eman zuen, beste irakasleak begira zeudelarik.

Arratsaldean, goizean emandako klasearen kritika egin zen, batez ere kontrastibitatearen aspektua azpimarratuz.

Kontrastibitateak ikasleak, bere ama hizkuntza eta xede-hizkuntza konparatzean, izan ditzakeen zailtasunak aurreikustea eta horientzat konponbidea jartzea esan nahi du.

Larunbat goizean Antje Bolten-ek alemaneko klasean kantak lantzeko ereduak aurkeztu zituen, batez ere salgai jarri berri den zenbait liburu interesgarri erabiliz (ikus bibliografia).

Arratsaldean, Jûrgen Wolff-ek eta Antje Bolten-ek hizkuntz jokoen erabilpena alemanaren irakaskuntzan aurkeztu zuten.

Era guztietako jokoak ikusi ziren; agian, alemana irakasteko hainbat joko komunikatiboz osaturik Langenscheidt argitaletxeak argitaratu berria duen liburua litzateke aipagarriena (ikus bibliografia).

Ikastaroa benetan esperientzia interesgarria gertatu da Euskadin alemana irakasten dabiltzan irakasleentzat, orain arte gehienak beren gisa aritu bait dira lanean, eta ez dute ia aukerarik izan biltzeko eta beren arazoak elkarrekin eztabaidatzeko.

Beraz, eskertzekoa da Tandem elkarteak izan duen iniziatiba, horrelako ikastaroa antolatuz; eta espero dezagun ez dela ekintza puntual batean geratuko, baizik eta abiapuntu izango dela aleman-irakasleek beren artean gero eta kontaktu gehiago izan eta elkarrekin gero eta ekintza gehiago antola ditzaten.